Ez dutela Nafarroako AHTaren egungo
proiektua eginen. Horixe berretsi du AHT Gelditu! Elkarlana taldeak.
Joan den astean horixe bera erran zuten Aralar-NaBaiko parlamentari
Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak. AHT Gelditu!
Elkarlanak ere egungo proiektua ez dutela gauzatuko uste du. Hori
errateko "informazioa" dutela azaldu du taldeko kide Luis Iriartek.
Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako
Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten
prentsa oharrak ere Nafarroako proiektua aldatzeko asmo agerian uzten
zuela erantsi du. "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia
ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin
lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren
arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa
litzateke", erran du Aitor Elizaldek.
+ Info: Berria
+ Info: Berria
60 kilometroko bidea izanen litzateke hori. "AHT zati motzena eta eta
zentzugabeena", nabarmendu du Elizaldek. Gainerako zatietan egungo
trenbidearekin eginen lukete bat, hirugarren errailaren bidez, Europak
ezarritako zabalerara egokitzeko aukerarekin. Hori dela eta, AHT
Gelditu! Elkarlanak Nafarroako obra guztiak bertan behera uzteko eskatu
du, bai eta Euskal Y-arenak ere. Zalantzak agertu dituzte taldeko kideek
proiektuaren bultzatzaileen asmoen inguruan. "Zergatik jarraitzen du
Nafarroako Gobernuak Castejon eta Campanas arteko zatia egiteko
tematzen? zer mesederen truke egiten du hori?", galdetu dute.
Hemen dago AHT Geldituren irakurketa
NAFARROAKO AHTREN BI ZATIK PORROT EGIN DUTE
Hala ere, Nafar gobernua tematuta dago Castejon
eta Arrizabalagaren arteko zatia eraikitzeko
Apirilaren
8an, Yolanda Barcina eta Ana Pastor Sustapen ministroa Madrilen
buruturiko bileraren ondoren, Nafarroako Gobernua eta Sustapen
ministerioak prentsaurreko bat eskeini zuten. Prentsaurrekoaren
idazkian, Nafar gobernuak Sustapen ministerioarekin hitzarmen
ekonomiko duen zati bakarraren eraikuntzaren jarraipena berresten
zuen, alegia, Castejon eta Arrizabalaga artekoa, Alesbes-Erriberri
eta Erriberri-Tafalla azpizatien erakusketa publikoko prozedura
iragartzen zuelarik.
Aldiberean,
aipaturiko idazkian honako hau esaten zuten: “Trazaketa berri hau
(Castejon-Arrizabalaga) trenbide sarearekin lotuko da, aldi baterako
lehen fasean, egungo trenbidea ahal den gehien erabiliz, eta
nazioarteko zabaleradun trenak ibili ahal izateko –UIC zabalera-
bateragarri eginez. Horrek Nafarroari aukera emanen dio Europaz
gaindiko trenbide sarean sartzeko, karga hausturarik gabe”.
Hitz
jario tekniko-politikoa hau itzultzen saiatu gara, komunikatu honek
dioena zabalduz eta adituekin kontrastatuz. Itzulpena askoz
errezagoa da: ustezko Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko
trazaketa berria ez da burutuko. Bidenabar, Iruñea eta Euskal Y
grekoarekiko abiadura handiko konexioa ez da eraikiko. EAErekiko
lotunea Gasteizen izanen litzateke eta ez Ezkio-Itsason, aurreikusita
zegoen bezala. Zaragoza eta Euskal Y grekoaren artean eraiki nahi den
abiadura handiko tarte bakarra Castejon-Arrizabalagakoa litzateke.
Nafar Gobernua eta Sustapen ministerioak finantziazio ituna sinatu
zuten bakarra, 2010ean. Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Pepe Blancok
izenpetu zuten hitzarmen hori, egun, ustelkeria kasuetan hiruak
auzipetuta. Gauzak
horrela, egungo trenbide sarea mantendu nahi dute, iberiar zabaleran,
eta etorkizunean, europako zabalera (UIC) ahalbidetzen duen
hirugarren erraila gehitu asmoz daude. Moldaketa honek 2 milioi €
kilometroko balio du bakarrik. Hala ere, Castejon eta Arrizabalaga
artean, trazaketa berri bat eraikitzen segitzen dute, abiadura
handikoa. Kasu honetan, lurraldean eragiten duen txikizio itzelaz
gain, kilometroko 11 - 15 milioi € kostatzen du, lur zolaren
araberakoa.
Nafar
gobernuaren partetik proiektu honen defentsa aurreikusten ahal dugu.
Izan ere, aipaturiko komunikatuan honela esaten dute: “trazaketa
berri hau egungo trenbide sareari lotuko zaio iberiar zabaleran,
bakar bakarrik aldi baterako lehen fasean”. Kea saldu nahian
dabiltza. Konexio honetako trazaketa berriek porrot egin dute.
Sustapen ministerioak 50.000 milioiko zorra du eta Nafar gobernua,
arpilaketaren ondoren, ez dabil askoz hobe. Shakespearek honako hau
zioen: Nafarroak mundua harrituko du. Gaur egun hori zaila da baina
Nafar gobernua guttienez saiatu, saiatu egiten da: munduko AHT
trazaketa motz eta zentzugabeena egiten ahaleginduko da. 60 km.ko
porlanezko orbaina, ipar zein hegoan egungo trenbidearekin lotuko
litzatekeena, agian hirugarren errailez hornitua.Uharte bat Zaragoza
eta EAEren artekoa.
Itoizko
urtegia, Nafarroako ubidea, Urantziako zirkuitoa, Noaingo
aeroportuaren zabaltzea edota Reyno Arenarengatik ezer ikasi izan ez
bagenu, agian isildu beharko genuke. Baina, orain dakigunarekin,
Nafar gobernuari galdetu beharko genioke zergatik segitzen du temati
Castejon eta Arrizabalaga arteko AHTko trazaketa berria eraikitzen.
Zertarako? Zer mesederen truk? Eraikuntza sektore indartsu eta
neurrigabeko norekin dago zorretan? Horri guztiari gehitu behar zaio
Etxabakoitzen egin nahi duten geltoki berria eta berarekin batera
martxan dagoen urbanizazio berriaren eraikuntzaren egitasmoa. Afera
hau, gainera, Nafar gobernuko Garraio sailburua den Luis Zarralukik
gogo handiz eta sutsuki bere gain hartu du. Proiektu honetan dena
iluna izan da, baina maiz esaten denez, kaka beti ur azalera atera
ohi da.
Horrenbestez,
AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako AHTren lanak eta proiektua
gelditzea eskatzen du, EAEn Euskal Y grekoaren lanen gelditzea
eskatzen duen bezalaxe. Egoera honetan, makroazpiegitura hauek are
arrazoigabe, bideraezin eta jasangaitzagoak dira. Hori dela eta,
Euskal Herriko AHTren proiektu osoaren erabateko gelditzea lortzeko
borrokan segitzeko deia egiten dugu.
Iruñea,
2013ko Apirilaren 29
No hay comentarios:
Publicar un comentario